lunes, 19 de noviembre de 2012

XARE JOKAMOLDEA



Xare jokoa (argentinar erraketa izenez ere ezaguna) Euskal Pilotaren jokamoldeetako bat da. Joko ez zuzenen artean kokatzen dugu, plekako (horma) jokoa baita; hots, hormaren kontra jokatzen da. Xareak Iparraldean omen du jatorria, nahiz eta Orduñako (Bizkaia) jesuiten eskolako irakasleek eta Lakarozeko (Nafarroa) kaputxinoek ere zerbait geroago praktikatu zuten. Hortik, Latinoamerikako herrialdetara zabaldu zen, hala nola, Argentina, Uruguai eta Chilera, non harrakasta handia lortu zuen.

Euskal pilotaren jokamolde hau trinkete deituriko instalazio batean jokatzen da bikoteka (bi biren aurka), nahiz eta 36 metroko frontoian ere praktikan jartzeko saiakerak egon diren. Beraz, bikoteka jokatzen den duelu hau oposizio-kolaboraziozko elkarrekintzan egiten da, zeinetan espazioaren erabilera komuna den, bikote biak eremu berean kokatzen baitira. 


Trinketean interesgarriena joko eremua dela esan genezake; hau da, kantxa. Hau, zoruaz, pilotariaren aurrean dagoen hormaz (frontisa), alboko edo ezker zein eskuineko hormez eta pilotariaren atzean dagoen hormaz (errebotea) osaturik dago. Gainera, kantxan, sakerako beharrezkoak diren bi marra aurkitzen dira, bat kantxako eskubi eta ezker aldea banatzen dituena eta bestea frontisetik 20 metrora ezarritakoa (behean marrazkia).

Joko eremu hori, ordea, mugaturik dago. Frontisean adibidez, ontzat hartzen den eremua goian zein behean dauden bi txapen erdian geratzen dena da, txapa horien jarraian koltxoi edota kortxoa dagoelarik. Goiko muga hori alboetako horma zein erreboetan (atzeko horma) ere azaltzen da, baina alboetako hormen muga frontisetik gerturagoko aldean  garaiagoa da gainontzeko alboko pareten marrarekin konparatuz. Horrela frontisaren bi aldeetan bi eremu sortzen dira : belarriak (hauek erabilgarriak dira).

Horrez gain, pilotaren norabidean aldaketak eragiten dituzten bi elementu garrantzitsu aurkitzen ditugu: batetik frailea, eskuineko hormaren eta frontisaren arteko angelua estaltzen duen alaka; eta bestetik iparraldeko zenbait trinketetan aurki dezakegun xiloa, lauki forma duen barruranzko zuloa. 

Teilatuaren kokalekua eta sakeko marrak
Ezkerreko hormari dagokienez, beheko aldean, kantxarantz erortzen den malda duen teilatutxo batek estaltzen duen galeria dago jendearentzat. Galeriaren horma bertikalean (kantxara begira dagoena) sarez estalitako eremua dago.

Materiala eta pilotarekiko erlazioa aztertuz, aipatu beharra daukagu Xarea xare izeneko herraminta batez jokatzen dela, zeina zumez edo biribildutako egurrezko eraztun batez egina dagoen. Eraztun hau sokazko sare laxa batez loturik dago, eraztunaren aldean erdialdean baino tentsuago dagoena (bere gehienezko luzera 55 cm-koa da). Pilota, larruzkoa  (afizionatuetan 82 gramo dituena), bere bizitasunagatik nabarmentzen da batez ere. Jokoan, xare bidez jaso eta jaurti egiten da eskumuturraren mugimendu bizi batez. Beraz, ez da pilota kolpatzen; izan ere, eraztunaren erdikaldean zertxobait solte dauden, eta xareari zaku forma ematen dioten soken helburua pilota zerbait eustea baita ( baina ez aitxikitzea). Gainera, kolpeek herraminta izorratuko lukete. Jokalariak bere nahien arabera xarea eskuz alda dezake.




Jokamolde honetan sakea taldeko edozein jokalarik egin dezake, talde sakatzailea aurreko tantoa lortu duena edo txapa bere alde izan duena (partiduaren lehenengo sakean) izango delarik. Sakea pilota punpatuz egin behar da derrigorrean. Gainera, pilota frontisetik 20 metrora dagoen marraren atzetik  eta erdiko marraren ezker aldetik punpatu eta eskuineko eremuan sartu beharko da ( 20 metroko marra igaroz). Beraz, pilotak 20 metrotako marra gainditzen ez badu, edota aipaturiko eremutik kanpo bote ematen badu, sakea txarra izango da eta ondorioz tantoa beste bikotearentzat izango da. Faltaz gain, sakean falta-erdia egin daiteke, baldin eta:
-Frontisetik bueltan, pilotak 20m-tako marran edo marraren ezkerraldean punpa egiten badu . 
-Frontisa jo aurretik edo ostean pilotak ezkerreko horma jo, sakeko marra gainditu eta eskubiko
eremuan sartzen bada.

Falta erdia eginez gero, lehenengo sakea egin duen berak atera behar izango du.Horrela esan genezake sakerako bi aukera daudela tantoa galdu aurretik. 

Azkenik, esan behar da errestokoen helburu bakarra pilota bueltatzea (berdin du aire zein botez) eta elkartrukea hastea izango dela., beti ere ezinezkoa izango delarik errebotera pilota bidaltzea  frontisera baino lehen. 

Jarraian, tantoa irabazi eta galtzeko moduak zeintzuk diren adierazten dira. Baldin eta pilota sarera zuzenean, hau da, bote egin gabe bideratzen bada; kanpoko eremuren batera botzen bada; falta edota bi falta erdi egiten badira; bikoteko bi kideek pilota jarraian jotzen badute ( bikoteen artean txandakatu gabe); edo bigarren botea egin eta gero eramaten bazaio, tantoa galdutzat emango da.

Irabazteko aldiz, punpa ostean pilota sarera zuzentzea lortu edo aurkariak tantoa galtzera behartu behar dira. Punpa kopuruari dagokionez, berezitasun bat aurkitzen dugu; izan ere, pilotak teilatuan eman dituen punpak ez dira zenbatzen; hau da, bertatik erortzean soilik ematen dituen punpak hartuko dira kontuan edota aldez aurretik (bertara igo aurretik) eman dituenak. Gainera, ezker eta eskubi paretetan pilotak egiten dituen punpak ere ez dira kontuan hartuko. Aipaturikoa kontuan hartuz, partidak 40ra jokatuko dira, 40 tanto lortzen dituen lehenengo bikoteak irabaziko duelarik. 

Joko ekintzan zentratuz gero, lehenik eta behin aipatu behar da Xare jokamoldean burutzen diren jokaldi gehienak, erremintaren orientazioari erreferentzia eginez, alboko kolpea erabiliz burutzen direla. Hau da, nolabait xarea lurrarekiko paraleloki jarriz bideratzen da pilota, salbuespenak salbuespen. Izan ere, gainontzeko kolpeekin pilotak oso erraz gainditzen ditu goiko mugak (behetiko kolpearen kasuan) edota beheko mugak kostata gainditzen ditu (goiko kolpearen kasuan).


Behin erreminta zer orientazioan erabili ohi den jakinik has gaitezke tantoari hasiera ematen dion joko egoera azaltzen.

Sake/errestoan jokalariek kantxan duten kokapena sakearen nondik norakoak baldintzatzen du, ezkerretik eskubira alegia. Bikote sakatzailea sake eremuan kokatzen da: sakea burutuko duena 20m-ko marratik hurbil jarriko da eta kidea bere atzean. Horrela, sakea burutu eta jarraian sakatzailea frontoiaren aurreko aldean erdialdean kokatzen da eta bere kidea, hasiera hasieratik sake/erresto eremuak elkartzen diren zonaldean. Hori dela eta, normalean sakatzailea aurrelaria izaten da.

Jokalarien kokapena sake/errestoan
Erresto egin behar dutenen helburua ostera bestelakoa da: sakea erantzutea. Hala, aurrelaria erresto eremuaren aurreko zatian kokatzen da (marra gainean gutxi gorabehera) atzelariarentzat zailak diren sakeak airez erantzuteko eta atzelaria berriz, erresto eremuaren barnean, errebotetik gertu aurrelariak pasatzen uzten dituen sakeak eramateko.

Xarean haibat sake mota agertzen dira, baina ohikoena, eskubiko pareta eta errebotearen arteko angelua bilatzen duen sakea da, tantoa lortzeko eraginkorrena baita. Hala ere, badira beste bi sake mota garrantzitsu:

-Pilotak bote eman aurretik eskubiko horma bilatzen duen sakea: Sake honen helburua aireko errestoa ekiditea da, aurrelariaren errestoa alegia. Beraz, sake mota hau aurkako bikotearen atzelariak jotzea helburu du (aurrelaria oso ona delako…).
-Pilotak bote eman aurretik errebotean jotzen duen sakea: Aldiz, sake honen helburua atzelaria ekidin eta aurrelaria errestoa egitera bultatzea da, sakeak errebotean jo eta gero pilota aurreraka baitoa.

Behin sake/errestoa egina dagoenean, elkartrukean hasten dira pilotariak. Tantoko momentu honetan eraso egoera lortzea bilatzen da. Horretarako, modalitate honetan batez ere pilota teilatu zein ezker hormara bidaltzen da, ahalik eta atzeren. Arrazoia teilatuan edo ezker paretan jo eta gero, nahiz eta pilota eskuineko zatiraino atera, pilota ezkerrez errestatu beharra dagoela da, hau da, normalean esku txarra denarekin; izan ere, ezker horma edo teilatua jo eta gero pilotak eskuineranzko efektua hartzen baitu, eskubiko kolpez kontrolatzen zaila dena. Modu honetan pilota teilatura edo ezker paretara bidaltzen ez denean  aurkariak eraso egoera lor dezake, eskubiko kolpeaz baliatu baitaiteke. Gainera, eskubi pareta zein hegalak ere nahiko erabiltzen dira elkartrukean aipaturiko abantaila egoera hori lortzeko.

Behin erasoan murgildurik, hainbat jokaldi nabarmentzen dira, zeinak alboko kolpeaz burutzen diren nagusiki (hori baita Xarean erabiliena):

-Pilota txapatik metro bateko altueran gutxi gora behera, frailera bidaltzea: Tantoa lortzeko jokaldi oso erabilia, frailean jo eta gero pilotak hartzen duen ikaragarrizko norabide aldaketaz baliatzen dena. Erabateko abantaila egoeran batik bat egiten da, frailera eta altueran pilota bidaltzeak daukan zailtasuna dela eta.
-Mozketak: Pilota txapatik altuera gutxira abiada handiz bideratzean datza, bai eskubiko bai teilatu azpiko ezker hormatik gertu, aurkaria behetiko kolpea ematera derrigortzeko edo ahal bada, huts eginarazteko. Jokaldi hau burutzeko ez da erabateko abantaila egoerarik behar, baina tantoa zuzenean lortzeko probabilitatea eraso egoera argi batean eginez gero soilik agertzen da.
-Sarera bidaltzea pilota bote ostean: Pilota sarera bidaltzea tanto zuzena denez, jokaldi eraginkor bat dugu hau. Bi modutan burutzen da, altuera gehiagoko mozketa eginez sarearen altuerara iritsi dadin botea edo bi paretaz baliatuz (lehenengo eskuin horma, gero frontisa eta azkenik bote eta sarera). Jokaldi honek eraso egoera argia izatea behar du, mozketa edo bi paretak oso ongi eginak ez badira, aurkaria mozketaren altueraz baliatu baitaiteke airez sartu eta tantoa beraien alde bideratzeko.
- 3 paretak: Gutxitan erabiltzen den jokaldia bere konplexutasuna dela eta. Frontisa lehenik, ezker hormako belarria ondoren, eta atzealdean eskubiko horma jotzean datza. Honekin lortu nahi dena hiru horma horiek jo ondoren pilotak errebotean jo, bote egin eta atzealdeko sarera bidaltzea da, edo gutxienez teilatu azpiko hormarantz.


Bitxikeria moduan esan dezakegu, trinketean jokatzen ez diren Euskal Pilotako beste zenbait jokamoldetan ez bezala, instalazioaren ezaugarriak direla eta, frontoi motz edo luzeetan hain ohikoa ez den errebotea oso erabilia da jokamolde honetan. Are gehiago, jokalariek; orokorrean; erreboteak eskubi hormarekin egiten duen angelua edo iskina bilatzen dute  pilota atzera botatzen duten bakoitzean; horrela, pilotaren norabidea aldatzea lortzen dutelarik.

Joko ekintzarekin bukatuz, tantoa defendatzeko metodoei erreparatuko diegu. Defentsan da Xarean beheko kolpea erabiltzen den egoera bakarra. Hala, erasoa ona denean eta beste erremediorik ez dagoenean , pilotariek beheko kolpea erabiltzen dute tantoa defendatzeko. Kolpe honen bidez, frontisean altuera bilatzen dute aurrelaria sartzea ekiditeko eta pilota ahalik eta zentratuen bidaltzen dute  mugetatik ez irteteko. Defentsan egoera larria ez bada (estutasunean ez badaude), elkartrukean azaldu bezalaxe, pilotariek ezker horma eta teilatua dute norabide helburutzat.





Azkenik, aipatu beharra da defendatzeko orduan aurrelariak sareko aldean kokatzen direla, pilota sarean sar ez dakieken eta atzelariak atze-eskuinaldean (sakeko marra aldean), atzeko zatiaz gain, aurrelariek “libre” utzitako eskuin aldea  ere defendatzeko.






Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu lana osatzen lagundu diguten xareko jokalariei (Apezetxea, Iñaki, Mikel eta Dufur) eta batez ere, Fermin Dufur xaregileari, eurei esker lortu baitugu zalantzak argituz lana borobiltzea.


ERREFERENTZIAK:

-Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Pilota Federakuntza (2002). Gure kirolak: Joko araudia. Pilota.
-Euskal Pilota (ikus gida): Gara
-Xarearen historia:
                    - http://www.scribd.com/doc/114727015/El-Share
                     - http://www.aintzinakolanbideak.net/eu/deporte/artesanos_del_xare/notas.asp
-Xaregilea: http://www.scribd.com/doc/114727034/28144-manualsanglar-1
-Xare jokoa: https://www.youtube.com/watch?v=WdCvCZ207PI



EGILEAK:

Ansa, Asier
Armentia, Julen
Etxegia, Leire
Goikolea, Garazi




21 comentarios:

  1. Blog honetan ikusi eta irakurritakoaren arabera esan dezaket, ebaluazio irizpide guztiak betetzen dituen lan baten aurrean ari naizela. Blogaren egiturari dagokionez, informazioa antolaketa egokia duela esan daiteke, testua hutsunerik gabe utziz, gramatika zainduz eta argazkiez baliatuz begi-bistaz ikusteko zaila dena azaltzeko. Informazioaren aurkezpena garbia, txukuna, mamitsua eta aberatsa da; beste era batera esanda, informazioaren trataera modu egokian egiten dute, benetan garrantzitsua eta beharrezkoa dena azalduz era argi eta antolatu batean. Horretarako hitzezko azalpenaz gain IKT-tresnenak erabili dituzte, ikus- entzunezko erremintak dakartzaten argitasunaren bitartez lana aberasteko. Bi bideo ageri dira eta bietan jokamolde honetako benetako esentzia zein den transmititzen dute, batean, joko honetan aritzeko beharrezkoa eta funtsezkoa den erremintaren inguruko azalpena emanez, eta bigarrenean, jokamoldea honen egunerokotasuna eta praktika azalduz. Erreferentzien inguruan zerbait aipatzekotan, esango nuke, anitzak eta oso baliagarriak izan direla, egindako elkarrizketetatik lanerako beharrezkoak diren ideia ugari atera dituztela uste baitut. Guzti hau esanda, talde honi ipintzen diodan nota 9koa da.
    Nicolas Cuevas

    ResponderEliminar
  2. Blog interesgarri baten aurrean gaude, izan ere euskal pilotan izen handirik ez duen jokamoldeetako bat esplikatzen dute.Ebaluazio irizpideei dagokienez, aurkezpenaren argitasuna ongi dagoela esan beharra dago, ordenatua sarreratxo bat, instalazioen nondik norakoa, materialak… Gainera IKT tresnen erabilera ere egokia dela esan beharra dago, horrela nola jokatzen den erakusten digute bideoan bitartez. Bideo hauetan faltan botatzen dudana baina denen parte hartze bat izan da, seguruena denak bertan egongo ziren baina bakarrik taldekide bat azaltzen da, beraz kolaborazio lan hori ezin dut baieztatu.

    Jokamoldeari heltzen baldin badiogu ikusten da ongi azaldu dagoela, pausoz pauso eta argi. Argi azaltzen da ze joko mota den, duelua ba ahal dagoen, instalazio mota eta bere berezitasunak… baita argi ikusten dira zeintzuk diren eraso normalenak,hau da, tanto egiteko moduak. Jokamolde honetako sake motak eta kolpe desberdinak ere argi azaltzen dituzte eta baita ere sake – errestoko posizioa irudi baten bitartez.
    Beraz nire puntuaketa blog honi 9koa izango da.

    Ion Iturbe

    ResponderEliminar
  3. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  4. Hau irakurrita, esan beharra dago lan bikaina egin duzuela; argia eta ulerterraza. Ebaluazio irizpideei jarraituz, honako hau esan dezaket puntuz puntu:
    1)Datuak toki askotatik hartu dituzue, baita era askotakoak ere (bideoak, artikuluak … ). Gainera, datu horiek ez dira edonondik hartuak, baizik eta fidagarriak diren iturrietatik; hortaz, informazio txukuna biltzeko aukerak zabalagoak dira.
    2)Lehen aipatu bezala, testua oso argia da, erraz ulertzekoa. Badu ortografia akatsen bat (oso gutxi) baina denoi gerta dakizkigukeen akatsak dira; beraz, garrantzia gutxikoak.
    3)IKT tresnen erabilera anitza da; era askotakoa eta argia. Asko gustatu zait nola dauden bideoak eginda; batez ere jokalariekin grabatutakoa. Oso ondo azaltzen dituzue gauzak.
    4)Talde lana denez, kolaborazioa orokorrean nabaria da, baina bideoetan baten bat falta dela sumatu dut; hau da, bideoetan ez zarete denak azaldu eta komenigarria litzateke bakoitzak galdera bat botatzea (adibide bat jartzeagatik).
    5)Egitura aldetik, lana oso ondo dago. Gainera, uste dut ez duzuela haria galdu; hau da, beharrezkoa den informazioa aukeratzeko gaitasuna azaldu duzue eta hori honelako lan batean ezinbesteko faktorea da. Hala ere, nire iritziz, garrantzitsua den ezaugarri bat ahaztu duzue materialen atalean: ez duzue kaskoa eta betaurrekoak erabiltzen direla aipatu eta bideoan ikusten denez, bi material hauek erabiltzen dira pilota eta xareaz gain.
    6)Azkenik, eta honekin bukatuko dut, joko ekintzari dagokionez, sakea egiten duena edozein dela jarri duzue (ez dakit hala izan ohi den edo normalki bietako batek, bai aurrelariak edo bai atzelariak, egiten duen), baina beste puntu guztiak argi eta garbi azaldu dituzue bai idatziz, baita bideoan ere.
    Hau esanda, beraz, nire nota 9koa da.

    Nerea Hernandez

    ResponderEliminar
  5. Bolg hau ebaluatzeko garaian ondorengo irizpideak aztertuko ditut:
    Datuak jasotzeko iturri ezberdinen erabilera: Honi dagokoinez, argi ikus daiteke leku askotatik hartu dutela jokamolde honi buruzko informazioa, bai eta jokalekua bisitatu ere, honela hobeto ulertzeko jokatzeko era.
    Aurkezpenaren argitasuna: Honen aurrean esan beharra dago ez dutela oso kontraste ona erabili letraren kolorearen eta fondoaren artean, eta ondorioz, ez dela horren erraza irakurtzea. Hau alboratuz, ongi antolatuta dagoela iruditu zait.
    IKT tresnen erabilera: Aipagarria da blogak dituen bideoak bertan gertatuko dena azaltzen duen testuaren atzetik doazela, hori dela eta, ulermena errazten dute. Argazkien erabilera ere egokia dela deritzot.
    Kolaborazio lana: Antzeman daiteke elkarrizketa egiteko garaian taldeko 2 partaidek egiten dutela berba gutxienez, eta hasierako argazkiari esker ikusi dezakegu taldekide guztiak joan zirela jokalekura.
    Jokamoldearen egitura eta joko ekintza oso ongi azalduta daudela uste dut, bereziki bukaeran argitzen dutenean nola egin ditzakezun tantoak edota defentsarako lana.
    Hau guztia kontutan harturik, 9`5eko nota jarriko dizuet.
    Jon Bonilla

    ResponderEliminar
  6. Ebaluazio irizpideak kontuan hartuz, lan bikain baten aurrean gaudela esan genezake. datuak eskuratzeko informazio iturri ezberdinak erabiltzen dituzte, hala nola, elkarrizketak, liburuak, artikuluak, instalazioak bisitatu...
    Horrekin batera, azaldutako guztia argitasunez eta zehatz azaltzen dela ikus daiteke. Oso ondo ulertzen da eta ez dakien batentzat oso baliogarria izan daiteke lan hau, laxoa jokamoldea ulertzeko.
    IKT tresnei dagokienez, bideoak erabili dituzue xarea nola egiten den eta jokaldiak ulertzeko. Zoriondu nahi zaituztet egin duzuen bideoagatik, oso txukun dago.
    Taldeko kolaborazioari begira, bideoan bukaerako argazkian guztiok egon zinetela bideoa grabatzen ikusten da, nahiz eta beste bideoan leire bakarrik agertu.
    Jokamolde egituran, puntu guztiak daude azalduta eta trinketeren atalak ulertzeko jarri duzuen argazkia oso baliagarria iruditzen zait trinketearen egitura ulertzeko.
    Joko ekintza deskribatzeko orduan ere, zehatz mehatz azaldu dituzuela puntuak iruditzen zait.
    Beraz, honekin guztiarekin ondorioztatu dezaket lan bikaina egin duzuela eta 9'5eko nota ezartzen dizuet. Zorionak!!
    Maddi Garikano

    ResponderEliminar
  7. Nire iruzkin hau ere, euskal pilotako jokamolde arraroenetariko batentzat doa zuzenduta.

    Argi ikusten da informazioa iturri ezberdinetatik hartu duzuela, instalaziora egindako irteeraz gainera.

    Testuak egitura hona dauka eta oso erraz eta argi irakurtzen da, argazkien eta grafikoen laguntzarekin.

    IKT tresnen erabilera egokia izan da baina partehartzaile guztiak bideoetan azaltzea ez legoke gaizki.

    Jokamoldearen egitura zehazterakoan eta joko ekintza deskribatzerakoan instalazioa, materiala sake-errestoa, jokaldiak eta horrelako kontzeptuak ageri dira.

    Lana oso ongi dago, nire nota 9koa izango da

    Alexander Oyarbide Ormazabal

    ResponderEliminar
  8. Lehenik eta behin, zoriondu lau taldekideei egindako blogarengatik, oso argi geratzen baita Euskal Pilotako jokamolde honetan nola jokatzen den jakiteko funtsezko kontzeptuak.

    Ebaluazio irizpideei dagokionez, eta orden zehatz bati jarraituz esan dezaket ebaluazio irizpide guztiak bete direla modu batean edo bestean.

    Lehenengoa, datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabiltzea zen, eta erabat bete dute, izan ere bibliografian informazio iturri ezberdinak azaltzen zaizkigu eta instalazioak behar bezala behatu dutela argi geratzen da, kasu honetan, trinketa.

    Aurkezpenaren argitasunari erreparatuz gero, testua erabat ordenatua, txukun eta ulerterraza dela egiazta dezket, nahiz eta grafikoren bat faltan bota.
    Beste aldetik, IKT-tresnen erabileren irizpidean ezin dut ezer gehitu,.bideoak eta argazkiak oso aberatsak izan baitira, bietatik jokaldiena hoberena izanik, dudarik gabe. Izan ere, Fermin Dufur xaregileari egindako bideoaren ordez beste bideo bat ipintzea gomendatuko nieke.

    Kolaborazio lanari dagokionez, ezin da taldekide guztien parte hartzea ziurtatu, ez baitira lauak bideoetan agertzen, nahiz eta argazkian hala ez izan.

    Egitura aldetik, lana oso ondo dago. Beraz, horrek esan nahi du, egitura atalaren pausu guztiak jarraitzen dituela: joko mota, duelua, instalazio mota, materiala eta pilotarekiko erlazioa,sakea, tantoa irabazi eta galtzeko moduak eta markagailua nolakoak diren azaltzen da. Hauetatik gutxien gustatu zaidana instalazioaren atala izan da, gehiegizko informazioa baitago nire ustez (neurriak esaterako).

    Joko ekintza primeran deskribatu dute ere, izan ere ebaluazio irizpide horren barnean bete behar ziren 4 baldintzak blogean zehar irakur daitezke: sakatzailea nor den, ohiko kokapenak, kolperik eta jokaldi ezagunenak…

    Beraz, hau guztia esanda aitortu beharra daukat, blog hau irakurri baino lehen ezer gutxi nekiela Euskal Pilotako jokamolde honen inguruan, eta orain ordea, xare jokamoldeari buruz dexente dakit blogari esker. Hau guztia esanda nire kalifikazioa 8,5-ekoa izango da.

    ResponderEliminar
  9. IRUZKIN KONSTRUKTIBOA
    Jarraian, talde lana burutzeko kontuan hartu dituzten eta har ditzaketen ebaluazio irizpideen zio nagusiak azaltzen ahaleginduko naiz.
    Argi dago, blog.a osatu ahal izateko datuen bilketen iturria anitza izan dela, hala nola, materialari buruzko elkarrizketa, liburu eta aldizkarietako informazioaren bilketa (Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Pilota Federakuntza (2002). Gure kirolak: Joko araudia. Pilota…), xare jokamoldearen praktika eremuaren instalazioaren azterketa (blogaren lehen irudia) zein jokaldien adibideak (1. Sakea, ezker pareta, eskuin pareta…) agertzen diren bideoen presentzia ere non blog.aren egileak instalazioa, trinketea, bisitatu zuten. Jasotako eta sortutako informazioaren erabilera ordenatua eta garbia izan da, hots, jokamoldearen azterketa modu egokian egin da: jokamoldearen izena (xare binaka trinketean), definizioa eta jatorria, praktika eremuaren azalpen zehatz eta txukuna, materiala eta pilotarekiko erlazioa eta azkenik, joko-ekintza. Aipatutako puntu guztiak azaltzeko IKT-tresnetan oinarritu dira, hor ditugu lehen aipatutako materialari buruzko bideoa, argazkiak, grafikoak (joko ekintzaren deskribapena: sake/erresto), PDF.ak (xarearen historia)…
    Kolaborazio lanari dagokionean, taldekideen kolaborazioa taldekideek eginiko bideoetan antzeman daiteke (xare jokalariei Asier Ansak egiten dion sakeei buruzko galderan zein materialari buruzko elkarrizketan Leire Etxegiak materialari buruz eginiko galderan–Nos puedes esplicar un poco como se hace el sare, y eso?-). Bestalde, Blog.aren hasieran taldekideen argazki bat topa dezakegu non lau taldekideak agertzen diren, hala ere, Blog.aren eskuinaldean “Contribuyentes” jartzen duen lekuan taldekideen 3 izen agertzen dira, soilik.

    ResponderEliminar
  10. Azkenik jokamoldearen egituran murgilduko gara. Hasteko, blog.aren lehen paragrafoan (xare jokamoldearen definizioan) joko motaren berri ematen digu: joko ez zuzena. Oposizio kolaboraziozko elkarrekintzan egiten den duelo bat dela ere esaten dute eta instalazio mota eta ezaugarriak zehatzak eta beharrezkoak dira. Materiala eta pilotarekiko erlazioari dagokionean xare jokamoldearen erabili ohi diren pilota mota eta erramintak zehaztu dira. Xarea nola egiten diren pausuak agertzen dira “xare” hitza klikatu ezkero, hala ere, pilota mota ikusi eta imajinatzeko irudiren bat izatea aproposa ikusten dut. Bestalde, pilotari-pilota erlazioa zehaztu dute, hots, xare bidez jaso eta jaurti egiten da eskumuturraren bidez (ez atxiki ezta kolperik ere). Sakea eta errestoari dagokionez, nondik nora sakatzen den azaldu dute, gainera, sakatzaile eta errestoaren posizioak ikus ditzakegu grafiko batean. Tantoa irabazi eta galtzeko moduak ere zehaztu dira (nola lortu tantoa egitea eta nola galdu tantoa azaltzen dute). Puntuazio sistemari dagokionez partiduak 40ra jokatu direla azaltzen dute non 40 tanto lortzen dituen lehen bikoteak irabaziko duen. Hala ere, tantoaren balioa zenbatekoa den esatea beharrezkoa ikusten dut, izan ere, euskal pilotako jokamolde guztietan tantoak ez baitute balio berdina (pasakan esaterako). Azkenik joko ekintzaren deskribapena. Sakatzailea aurrelaria zein atzelaria izan badezake ere, normalean aurrelaria dela diote ondorengo azalpenean oinarrituaz: sakea burutu eta jarraian sakatzailea frontoiaren aurreko aldean erdialdean kokatzen da eta bere kidea, hasiera hasieratik sake/erresto eremuak elkartzen diren zonaldean. Hori dela eta, normalean sakatzailea aurrelaria izaten da. Jokamoldeko kolperik ezaguna erremintaren orientazioari erreferentzia eginez “alboko kolpea” dela diote non kolpe mota hau argazki batean ikus dezakegun, hala ere, beheko eta goiko kolpeen berri ere ematen digu horien ahultasunak (goiko mugen gainditze erraza, eta beheko mugen gainditze zaila) azalduz. Blog.aren azken zatian jokaldi ohikoenak datoz non jokaldien bideoa lagungarria den jokaldiak ulertu ahal izateko. Blog.ak jokamoldearen deskribapenaren amaiera erreferentzi eta egileen izen abizenekin ematen dio non xarearen historia, xaregile eta xare-jokoak ikus ditzakegun. Oso blog landua.
    TALDEKIDEEN KALIFIKAZIOA
    Blog.a kalifikatzeko orduan goian azaldu ditudan ebaluazio irizpide guztiak kontuan hartu dituzuenez, zuentzat 10



    IRUZKINTZEN: MIREN JUANTORENA ZUÑIGA (2 KOMENTARIO LUZERANGATIK..)

    ResponderEliminar
  11. Erraz irakurtzeko eta oso argia den blog baten aurrean gaude. Ideiak era ordeantuan azalduak daude eta jokamolde honetaz ezerrez ez dakien batentzako, neu bezala, guztiz aproposa da.

    Esandakoa lortzeko, informazio iturri ezberdinak erabili dituzte: liburuak, artikulua, interneteko horrialde, ekarrizketak eta abar...

    IKT-tresnei dagokionez, hainbat baliabide erabili dituzte argakziak eta bideoak besteak beste bloga asko aberasten lagundu dutenak.

    Horrez gain, kolaborazio lana aztertuz gero argi dago denon parte hartzea egon dela izan ere badira argazkiak hori baieztatzen dutela. Baina elkarrizketetan denok ez ateratzea pena bat izan da.

    Jokamoldearen egitura zehazterakoan lan ezin hobea egin duzue. Argi eta garbi azaltzen dituzue landu beharreko puntu guztiak banan-banan: ez-zuzena, 2:2, trinketea, materiala, pilota (eta pilotarekiko eralzioa), sakea, tantoak nola irabazi eta galdu, markagailua,...

    Azkenik, joko ekintza deskribatzerakoan sake mota ezberdinak, kolperik ezagunenak eta erasoa eta defentsa behar bezela azaldu dezue bideo eta eskemetaz baliatuz.

    NOTA:9,5

    ResponderEliminar
  12. Blog hau oso ondo dago nire ustez.
    Lehenik eta behin argi eta garbi dago iturri ezberdinak erabili direla informazioa lortzeko, hala nola elkarrizketak, liburuak, instalazioetako bisitak etab.
    Bestalde, esan beharrik ez dago, aurkezpena oso argia dela. Lana paragrafoka dago ordenaturik , oso argi, eta, gainera, marrazkien bitartez lagundu dute.
    Honetaz aparte, bideoak eta argazkiak erabili dira azalpenetan laguntzeko asmoz,agian, bideoetan partaide guztiak agertzea hobeto egongo balitz ere.
    Jokamoldearen egiturari dagokionez, oso ondo zehaztu dituzte joko honen ezaugarri nagusiak, hau da, trinkete batean jokatzen dela, erremintaz,joko ez-zuzena dela, erabilitako materialak (agian pilotari buruz zerbait esatea falta izan zaie),sakea nondik nora egin behar den, tanto egiteko aukera ezberdinak eta markagailuaren limitea edota zenbatera jokatzen den. Beharbada marra egoerarik ez dagoela aipatzea falta izan zaie, baina ezer esan ez dutenez, marra egoerarik ez dagoela suposatzen da.
    Bukatzeko, joko-ekintza ere ondo deskribatu dute;azken batean, aurrelariak sakatzen duela, sakatzaileak eta errestatzailedak nola kokatzen diren deskribatu baitute. Honekin batera, jokaldirik ohikoenak aipatu dituzte, tantoa lortzeko aukera handienak ematen dituztenak.
    Azkenik, talde honetako lau partaideak zoriondu nahi ditut egindako lan onarengatik, eta Euskal Pilotaren jokamolde hau ezagutzen laguntzeagatik.
    Hori guztia dela eta,9,5-eko nota jarriko nieke.
    Zorionak!!

    ResponderEliminar
  13. Iep!

    Bloga gainetik ikustea besterik ez dago taldekideek lan txukuna egin dutela ikusteko. Aurkezpen aldetik asko landutako bloga da, informazioa era koerentean plazaratuta dago eta jarritako argazkiek eta blogak daukan fondoak, oso itxura polita ematen diote orriari dute.

    Sakonki aztertuta eta ebaluazio irizpideei jarraiki, ikus dezakegu lana sortzeko erabilitako informazioa iturri ezberdinetatik hartu dutela. Alde batetik, ikus gidak eta liburuak erabili dituzte,baina, baita elkarrizketak ere.

    Elkarrizketa horien harira, ikus dezakegu taldekideek une oro IKT tresnak erabili dituztela informazioa argitzeko. Hala ere,bideoak oso erabilgarriak izan arren, horietan, taldekide guztien partehartzea ez da betetzen.

    Jokamoldearen egitura eta joko-ekintzari dagokionez, ikus dezakegu jokamoldea ulertzeko puntu guztiak ikutu dituztela eta informazioa oso era ulergarrian helerazi digutela.

    Hau ikusita, esan daiteke blog oso konpletoa dela eta taldekideen partehartzea keduta, irizpide guztiak bikain jarraitu dituztela.

    Hortaz, taldekideak zoriontzea baino ez da geratzen, egindako lanagatik eta xarea jokamoldea guztioi ezagutarazteagatik. Segi horrela! Kalifikazioa: 9,5

    Gorka Valverde

    ResponderEliminar
  14. Lehenik eta behin aipatu beharra daukat irakurri dudan blog-etatik hoberenetariko bat dela. Informazioz baliogarriz beteta dago. Hasteko oso ondo azaltzen da zertaz doan jokamoldea hau, modu ulergarri batean eta zuzentasunez.
    Jokamolde honetan erabiltzen den materiala nahiko berezia da baina modu erraz batean lortzen dute denok ulertzea, gainera bideo batekin oraindik argiago geratzea lortu dute. Ez da lanean zehar erabilitako bideo bakarra; bestean partaideak egindako elkarrizketa bat agertzen da (honekin ikusten da taldean egin dutela lana, eta gainera mugitu direla trinkete batera elkarrizketa egiteko). Gainera, hainbat irudi erabiltzen dira jokamoldea hobeto ulertzeko, irakurleari errazago eginez.
    Hortaz aparte, sake-erresto egoera desberdinak aipatzen dira, baita jokaldi erabilienak ere, lana bere osotasunean landuz. Amaieran informazio iturriak ikusi ditzakegu, asko dira eta gainera fidagarriak direla dirudi.
    Iruzkin honekin ez naiz gehiegi luzatu iruditzen zaidalako zuzentzeko gutxi dagoela beraz, zoriontzea bakarrik geratzen zait!
    Nota: 9,5
    Odei Fraile Urra

    ResponderEliminar
  15. Aupa
    Blog honetan ikusten da nolakoa den jokalmode arraroa hau niretzako. Pilotalekuak ondo azalduta daude eta joko egituraren aldetik dena argi eta zehaztuta geratzen da.
    Pilotalekuaren argazkiak ondo azalduta dago eta materialaren aldetik modu egoki bateanazalduta dago zeintzuk diren erramientak eta pilotak.
    Gainera jokalariek duten erlazioa pilotarekin azaltzen dute. Sakea eta errestoa azaltzen dute modu ulerkor batean. Dauden jokaldi ezberdinak azaltzen dituzte eta nire ustez jokaldi ugarien deskribapena ematen dute.
    Hala ere uste dut etena egin daitezkela irakurketa errazteko.
    Bideoa ikusita esan beharra dut...Nola egin duzue hori? Izugarri iruditu zait hori irudiak txikitu eta handitzearena eta bi irudi momentu berean jartzea.
    Informazio iturri ugari erabili dituzte baina xarearen historiako hobeto iruditzen zait euskeraz egotea, baina batzuetan ezinezkoa da...
    Honenbestez 9,5 jartzen dizuet Aupa zuek¡

    ResponderEliminar
  16. XAREA 2:2 T
    Gustatu egin zait blog hau, oso ondo garatu duzuelako hartutako informazioa. Informazioa labur egoteak, asko laguntzen du eta errazagoa da irakurtzeko. Jokamolde hau ezagutzen ez duen pertsona batentzat oso ondo egokia iruditzen zait. Azalpen horiekin batera, irudi eta bideo batzuk ere sartu dituzue, nire iritziz oso lagungarriak dira informazioarekin batera jokamoldea ulertzeko.
    Nik uste dut lan ona izan dela, beraz nik 8 ematen diot lan honi.
    Mikel Aristi

    ResponderEliminar
  17. Lehenik eta behin esatea daukat blog honek engantxatu nauela.Eta honekin hasten banaiz zerbaitengatik izango da. Euskal Pilotako jokamolde honetaz ez nuen ideiarik ere, baina blog hau goitik behera irakurrita eta ikusita argi geratu zait jokamolde honen ezaugarri nagusi guztiak.

    Aurkezpenaren argitasunari buruz, bloga gainetik ikustea besterik ez dago blog txukuna eta argia dela esateko.Letra asko dago eta dena elkartuta (goitik behera) baina ala eta guztiz ere, oso erraza da irakurtzeko eta ideiak hartzeko. Asko gustatu ez zaidana estekak eta titulua dira.Titulua oso letra arraroz jarri duzue eta ia-ia ez da ulertzen.Beste aldetik, esteka batean sartzen zarenean, gauza asko agertzen dira eta gainera letra txikiz.

    Egin behar genuen gauza garrantzitsu bat zen informazioa iturri ezberdinetatik atera eta ikusten dugu hau zehatz mehatz bete dutela:
    Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Pilota Federakuntza (2002).
    Gure kirolak: Joko araudia. Pilota.
    -Euskal Pilota (ikus gida): Gara

    Bideoei eta argazkiei bikain bat emango nieke. Bideoetan argi eta garbi agertzen dira haiek erakutsi nahi dizkiguten gauzak, gainera haiek agertzen dira,azalpenak daud,etab. Argazkiei buruz esan behar dut jarri dituzten guztiak aproposak direla eta bloga dekoratzen edo apaintzen dutela guri irakurketa errazteko.

    Blogaren hasieran argazki batekin topatzen gara non taldeko guztiek agertzen dira. Lehen esan dudan bezala, bideoetan agertzen dira bideoak entretenigarriagoak egiten, bai Asier galderak egiten, bai Leire gizon horrekin palak nola egiten diren azaltzen. Argi ikus dezakegu bideoak grabatzerakoan guztiok zeundela beraz guztiok jarri dute esfortzu pixkat bloga aurrera eramateko. Gero alde teorikoan ez dakigu nork egin duen lan gehio, baina nola talde bat den suposatzen dut denok lan berbera egin dutela gutxigora-behera.
    Jokamoldearen egiturari dagokionez, esan behar dut primeran antolatu eta egin duzuela banan banan azaltzen: ez-zuzena, 2:2, trinketea, materiala, pilota,sakea, markagailua(tantoak nola irabazi eta galdu),...

    Besterik ez, hau izan da nire balorazioa eta nola ez nire nota primerakoa izango da: 9.55.
    Lan honengatik, ZORIONAK!!!!

    Julen Fernandez (Pala luzea binaka frontoi luzean)

    ResponderEliminar
  18. Xarea, nire herri alboan jokatzen den jokamoldea izanik, honen inguruan zerbait gehiago jakiteko gogoak bultzatu nau zuen bloga ikusi eta ebaluatzera.

    Erreferentziari (bibliografiari) so eginez konturatzen gara hainbat informazioz baliatu zaretela zuen lana osatzerako garaian, oso borobila geratu zaizuena. Informazioaz gain xaregilearen bideoa jartzearen ideia oso egokia iruditu zait egia esan.

    Testuari dagokionez oso ongi idatzia dagoela iruditzen zait, orden bat jarraiki eta azalpen egokiekin beti ere.

    IKT tresnen erabilera anitza duzue blogean, hala nola, irudiak (sake errestokoa batik bat oso esanguratsua irakurleentzat), bideoak (xaregile zein jokoarenak) eta estekak. Hori bai, ondo legoke taldekideen presentzia egotea bideoetan, nahiz eta hasierako argazkiak aditzera ematen duen denok bertan izan zinetela.

    Kolaborazioa argi ikusten da hasierako irudiarekin, taldekide guztiok trinkete hartara joan zinetela aditzera ematen baita (lanarekiko konpromezua).

    Jokamoldeari dagokionez, klasean ikasitakoaz gain beste gauzaren bat ikasi dut xiloa bezala (estekaren bat edo jarriko niona, ez baitago hedatua gure inguruan zuek ongi aipatu bezala). Nik uste dut puntu guztiak jorratu dituzuela urratsez urrats, materiala, puntuazioa, kolpe motak, sakea,…

    Beraz, lana asko gustatu zait ondo idatzi zein azalduta dagoela iruditzen zaidalako, baita, bideo egokiekin ere (joko ekintzaren bideoan oso ondo adierazten delarik Xarearen funtsa). Honen guztiaren ostean, nire kalifikazioa 9´5 ekoa da, Zorionak benetan!

    Jon Amiama

    ResponderEliminar
  19. Blog hau aztertzea erabaki dut, nik ere, trinketean jokatzen den beste jokamolde bat aztertu berri baitut eta interesgarria iruditu zait trinketea pilotalekutzat izanik, honekin zerikusia duten jokamoldeak aztertzea. Hau esanik, iruzkin konstruktiboari ekingo diot.
    Ebaluazio irizpideko puntu guztiak argi ageri dira. Oso lan biribila da, osoa. Azalpen ugariz, oinarrizko informazioa osotua; guzti hau estruktura baten barruan dagoelarik. Aberatsa dugu lan hau benetan, leku ezberdinetatik informazioa bilatua, jokamolde honetan ari diren pertsonengandik eskuratua, etab. horretaz gain, bideoak erabili dituzue teorikoki azaldutako informazioa hobeto ulertzeko eta osotzeko. Horretaz gain, ideia ona iruditu zait informazioa argiago izateko hitz gakoak nabarmendu izana.
    Jokamoldearen egitura eta joko ekintza irakurtzerakoan, informazioa zuzena, sinplea eta zehatza dela iruditu zait, pausoz pauso eta argitasunez azaldua. Joku mota, instalazioa, materiala eta sake-errestoak, puntuak lortzeko zein galtzeko moduak, joko ekintzan ohiko kokapenak, kolpe eta jokaldirik ezagunenak, etab. modu ulergarri eta egokian azaltzen dira.
    Guzti hau esanda, lan bikain hau sortu dutenei zoriontzea falta zait. Hortaz, 9’75 bat zuontzat, zorionak!
    Leire Badiola

    ResponderEliminar
  20. Lan hau ikusgarria da, orain arte ikusi dudan blog landuena dela esan dezaket.

    1. Informazioa lortzeko iturri desberdinak erabili dituzte. Interneten hainbat lekutan begiratzeaz gain, trinkete batera ere joan dira informazio hori gehitzeko.

    2. Informazioa ongi sailkatuta dago eta argitasunez egindako lana da.

    3. IKT tresnak erabili dituzte, ongi gainera. Argazkiak egiteaz gain, bideoak grabatu dituzte eta oso ongi azaldu dituzte xareko jokaldi posibleak eta jokatzeko modua. Jokaldiak azaltzen dituen bideoa bikaina iruditu zait.

    4. taldelanean jardun dutela ere argi ikusten da. Xareko jokalariekin duten argazkian taldekide guztiak ageri baitira.

    5. jokamoldearen egitura zehazki azalduta dagoela iruditu zait. Joko mota, sakea, tantoa egiteko moduak, materiala, instalazioaren ezaugarriak,... guztiak ondo azalduta baitaude.

    6. joko ekintzaren deskribapena egokia da. Sakearen norabidea, nork ateratzen duen, jokaldirik ohikoenak,... azaltzen baitira.
    Bukatzeko, esandakoaren arabera eta inolako akatsik ez diodanez ikusten lanari 10eko nota jartzea erabaki dut.

    Kepa Albizu

    ResponderEliminar
  21. Argi eta garbi ikusten den bezala talde honek informazioa biltzeko iturri desberdinak erabili ditu. Era honetan lana garatuagoa eta hobeto informatua izatea lortu dute. Trinketea bisitatzea gutxi balitz, lau jokalarirekin geratu dira 2:2 ko partida bat ikusi grabatu eta bertan informatzeko. Modu honen bidez IKT tresnak erabili eta bideo oso elaboratu bat lortu dute, jokatzeko era eta hainbat jokaldi desberdin erakutsiz, bai erasokoak, baita defentsakoak ere.

    Testuari buruz esatea dago era ordenatuan eta oso argian idatzi dutela. Oso interesgarria iruditu zaitu gainera idea nagusiak azpimarratu egin dituztela, testua horrela ulergarriagoa bihurtuz.

    Egiturari buruz beste hainbeste esatea dago. Ideia garrantsitu guztiak barruan sartu dituzte, era argi batean azalduz. Jarritako irudiek ere asko laguntzen dute jokamoldearen egitura ulertzeko. Sakea, errestoak eta abar era egokian azalduta daudela iruditu zait.

    Joko ekintzan era berean, azaldu beharreko guztia azalduta utzi dute. Gainera gehitu behar zaio aurretik aipatu bezala bideoa ere egin dutela eta oso ondo ikusten dela bertan.

    Ikusten denez taldekide guztiek hartu dute parte bertan. Agian hobetzeko eduki batzuk, xarea nola egin adibidez, beste orrialde batean sartuko nituzke. Bukatzeko nire ustez blog honek merezi duen nota 9,25 dela esango nuke.

    Jon Arenaza.

    ResponderEliminar